XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sei intsumitu nafar atxiloturik

Sei intsumitu nafar atxilotu eta kartzelaratu zituen atzo Polizia Nazionalak Gobernu Militarraren parean.

Martin Zelaia, Fernando Mendiola, Valentin Oses, Norberto Villanueva, Francisco eta Oscar tamalez azken bion abizenak jakiterik ez dugu izan atxilotze agindupean zeuden, eta euren kartzelaratzea gauzatu zedin Iruñeko Gobernu Militarreko atarian kateatu ziren atzo.

Intsumituok astebete inguru emanen dute Iruñeko kartzelan bigarren graduan preso, eta horren ostean, legeak finkatzen duenari jarraiki, hirugarren gradua eskuratuko dute.

Intsumisook adierazi zutenez hirugarren graduari uko eginen diote gero, egun horren aurkako plantea aurrera daramaten 50 intsumitu nafarrekin bat egiteko.

Kostata lortu dute sei intsumituok euren atxilotze agindua gauzatzea; izan ere, atzokoa atxilotu zitzaten saiatzen ziren hirugarren aldia zen.

Aurretik Nafarroako hiriburuko Audientziaren atarian kateatu ziren eta beste behin euren burua Iruñeko espetxean aurkeztu zuten.

Atzo goizeko hamaikak eta laurden aldera kateatu ziren, kazetariok eta dozenaka senidek eta lagunek lagundurik, Gobernu Militarraren atarian.

Berehala Polizia Militarra irten zen egoitzatik, baina ez zuen deus egin.

Hamabiak laurden gutxi aldera Polizia Nazionala bertaratu zen.

Ordu erdi geroago, poliziek kateak hautsi zituzten eta sei intsumituok banan-banan eta arrastaka eraman zituzten euren furgonetara.

Handik Iruñeko komisaldegira eraman zituzten, eta geroago bertatik espetxera.

Dena dela, ohi denez atzo ez zen Iruñean intsumisioaren inguruan berri bakarra izan.

Aipatu atxiloketaz gain aipatzekoa da intsumisioaren alde Espainiako Txirrindularitza Itzulia mozteagatik bi gazte epaitu zituztela atzo eguerdian Entzutegian.

Fiskalak isunak ezartzeko eskatu bazuen ere, epaileak bi gazteak besterik gabe aske uztea ebatzi zuen.

Halaber, Audientzian bertan Iruñeko kartzelan preso den Aitor Balbar intsumitua epaitu zuten, hirugarren graduari uko egin ziola eta.

Bestalde urriaren 9an Oiartzunen egingo den Intsumiso Eguna aurkeztuko du Kakitzat taldeak gaur Donostian.

Euskal Herriko kultur eta gizarte mailan ezagunak diren pertsonaiak bat egin dute egunarekin.

Gipuzkoan estraineko aldiz 3. graduari uko egingo dioten intsumison berri ere izango da.